Laster abiatuko da INTERREG POCTEFA programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren lurralde-estrategia
Berrikuntza nagusia eremu funtzionalak edo bizi-arroak tokiko lurralde eta ekimenak bultzatzeko eragile gisa duten ikuspegian datza. Ikuspegi berri horrek finantzaketa-modalitate berritzaileak eta mugaz gaindiko herritarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako ekintza espezifikoak ekarriko ditu, proiektu egituratzaileak abian jarriz.
Datorren ostegunean, abenduaren 14an, Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren dokumentu estrategikoa aurkeztuko da, POCTEFAren programazio-aldi berrituaren esparruan. FICOBAn, Irunen, egingo den ekitaldi honek programaren berritasun nagusia nabarmenduko du: EGEF funtsen lurraldekatze handiagoa, 5. Helburu Politikoarekin lerrokatuta: "Europa bere herritarrengandik hurbilago".
Mendebaldeko Eremu Funtzionala, POCTEFA programak identifikatutako bost arloetako bat, giza, kultura, hizkuntza eta gizarte arloko elkarrekiko loturengatik nabarmentzen da. Aurkezten den Lurralde Estrategia Integratuaren helburua mugako segmentu honetan bizi diren pertsonen eguneroko erronkei modu eraginkorragoan heltzea da.
Dokumentu estrategikoak proiektu egituratzaileetan oinarrituko diren esku-hartze ildoak eta neurriak zehaztuko ditu. Proiektu horiek ondorengo faseetan definitu eta zehaztuko dira, lan-eremuko erronka iraunkorrei, desplazamenduei eta komunikazioari mugazgaindiko ikuspegitik egituraz heltzeko.
Aurkezpena mugarri erabakigarria izango da Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren garapen iraunkorrerako, lankidetza eraginkorrerako eta mugazgaindiko herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko oinarriak ezarriz.