POCTEFA 2021-2027ren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren estrategiaren aurkezpena

Estrategiaren helburua jarduteko lehentasunak ezartzea da, mugazgaindiko lurraldean enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna sustatzeko.
2023/12/22
POCTEFA 2021-2027ren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren estrategiaren aurkezpena

Joan den abenduaren 14an POCTEFA 2021-2027ren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren Estrategia aurkeztu zen Ficoban (Irun).

Ekitaldia LLET Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak antolatu du, Eremu Funtzional horren garapena eta bultzada koordinatzeaz arduratzen den erakundeak. POCTEFA programak identifikatutako bost eremuetako bat da, eta Euskadi, Nafarroa eta Akitania-Berria Eskualdeko hegoaldea Baretous Haraneraino integratzen ditu.

Estrategiaren helburua datozen urteetan mugazgaindiko lurralde honetan enpleguari, mugikortasunari eta eleaniztasunari lotutako alderdien inguruan jarduteko lehentasunak ezartzea da.

Prentsaurrekoan honako hauek parte hartu dute:

  • Mikel Anton, Eusko Jaurlaritzako Europar Batasunerako Zuzendaria.
  • Mathieu Bergé, Akitania-Berria eskualdeko kontseilaria, Euroeskualdeko, mugaz gaindiko lankidetza, portuak eta aireportuetarako ordezkaria.
  • Sergio Pérez Garcia, Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari Nagusia.
  • Joseba Erremundeguy, Euskal Herria Hirigune Elkargoko Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko Lankidetzarako kontseilari delegatua.
  • Iker Goiria, Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko aholkularia.
  • Jean Pierre Mirande, 64 Departamentu Kontseiluko mendi politikez eta mugaz gaindiko lankidetzaz arduratzen den lehendakariordea, mendi planerako ordezkaria eta Nafarroarekiko harremanetarako ordezkaria.

Mikel Antonen hitzetan, "estrategia honek finantziazio aukera berriak eta mugaren bi aldeetako herritarren bizi kalitatea hobetzeko ekintzak ekarriko ditu. Estrategia hau funtsezkoa da mugazgaindiko mugikortasunerako; izan ere, lotura historikoak eta kulturalak mantentzeaz gain, euskara hizkuntza komuna eta natura-ondare askotarikoa den aldetik, erlazio-maila handia du, baita lurralde-erronka komunak ere, modu berritzaile eta integratuan landu beharrekoak ".
Mathieu Bergék nabarmendu duenez, “tokiko eragileen mobilizazioak, haien beharren eta gaitasunen araberako lurraldeen definizioak eta gobernantza partekatuko espazioetatik eta mugazgaindiko lankidetzatik aurrera egiteko borondateak Estrategia honen arrakasta bermatzen dute".

Bestalde, Sergio Pérezek iragarri du 2024ko udaberrian abiaraziko dela deialdi hau, 14.8 milioi euroko EGEFeko zuzkidurarekin, lurraldeko proiektu egituratzaileak finantzatzeko, horrela mendebaldeko eremu funtzionalaren hiru gaietan identifikatutako erronkak eta helburuak inplementatzeko.

Gainera, Europako Batzordearen ikerketa baten arabera, mugaz gaindiko oztopoen % 20 kentzeak mugako eskualdeen BPG % 2 handitzea ekar lezakeela nabarmendu du.
Parte-hartzaile guztiak bat etorri dira estrategia honek mugazgaindiko biztanleen eguneroko arazoei konponbide eraginkorrak eskaintzeko duen garrantzian. Arazo horiei lurralde-ikuspegi integratu berritzaile eta multitematiko batetik heldu behar zaie.

"Hiru lurraldeetako agenteei aurkezpena"

Prentsaurrekoaren ondoren, Arola Urdangarinek, Euroeskualdeko zuzendariak, Verónica Sánchez Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren koordinatzailearekin batera, hiru lurraldeetako (Euskadi, Nafarroa eta Akitania-Berriko hegoaldea) ehun bat eragileri azaldu dizkiete estrategia horren xehetasun guztiak, eta interes handiz hartu dute ekimena.